2007/10/09

IZASKUN MURGIA ELKARTE LIRIKOA


http://www.asociacionliricaimurgia.org/



NORTZUK GARA
Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa Tere Gonzalez Arrasate Musikaleko kantu irakaslearen ekimenari esker sortu zen. Asmoa lan berean aritu zen Izaskun Murgia zenari omenaldia eskaintzea zen. Ikasle gehienen laguntzarekin batera, Arrasatek betidanik izan duen zartzuelarako grina berreskuratu eta herriko hutsunea betetzeko helburua bete nahian lanean hasi zen. Taldeko partaideon beharrei irteera artistikoa emateaz gain, Elkartearen inguruan zituzten ametsak egi bihurtzea lortu dugu.
Azken bost urteotan, proiektu eder honi pertsona ezberdinak batu zaizkio, beren ezagupenez, ilusioaz eta energiaz taldea aberastuz. Horri guztiari esker, talde gazte eta heterogeneoa izatea lortu dugu, kantuari, zartzuelari eta antzerkiari diogun maitasunak lotzen gaituelarik.
Egun, gure helburua, urtero herriari zartzuela bat eskaintzea da, eta horretan gabiltza. Gure ilusio eta ahalegin guztiak jartzen ditugu, benetan merezi duelakoan.



Tere Gonzalez

Tere Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko zuzendaria da.
Arrasaten jaio zen. Arrasate Musikalen hasi zituen kantuko ikasketak, eta Izaskun Murgia irakasle izan zuen. Ikasketok Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan jarraitu zituen, M. Jesus Irigoien katedradunarekin. Bikainekoarekin bukatu zuen, baita Ohorezko Aipamena jaso ere.
Hiri berbereko Victoria Eugenia antzokian abestu zuen lehen aldiz, Dido and Aeneas, M.Purcell-en operan, Sorceress-en paperean, Miguel Amantegi-n zuzendaritzapean.
Eskoriatzako Gorosarri Abesbatzarekin eta Arrasate Musikaleko Orkestrarekin bakarlari izan zen. Juan Arzamendi zenaren zuzendaritzapean Vivaldiren Gloria eta Mozarten Misa de la Coronación obrak interpretatu zituen, besteak beste. Musika eskola bereko Akordeoi Orkestrakin ere solista izan zen, Carmen operako Habanera (Bizet) eta La Gran Vía zartzuelako Tango de la Menegilda (Chueca y Valverde) obrekin.
Sei urtetan zehar Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan laukote liriko bateko partaidea izan zen. Bertan, kontralto bakarlari lanetan, Tomas Araguesen zuzendaritzapean, honako obrak interpretatu zituen, besteak beste: Misa de la Coronación (Mozart), Requiem (Mozart), Vísperas de Confesores (Mozart) eta Cantata (Garbizu). Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolaren 25. urteurrenean eskaini zen Sorginpunki operan (Gorka Sierra) izen berbereko sorgina izan zen.
Eskoriatzako Musika Eskolan kantu koraleko eta musika lengoaiako klaseak eman zituen 1987 eta 1995 bitartean.
1994 eta 2000 urteen artean, berriz, Aramaioko Bixente Goikoetxea abesbatzan zuzendari izan zen.
Gaur egun, Arrasate Musikaleko kantu irakaslea da, eta Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko zuzendaria.

No hay comentarios: