2010/10/22

Elkarrizketa goiena.net-en

Hemen duzue goiena.net-ek elkarte lirikoko zuzendariari egindako elkarrizketa eta zarzuelaren inguruko informazioa biltzen duen artikulu/berria.
Ondo izan.



Madrilen Gran Via eraiki zuteneko istorio eta pasarteak, aurtengo zarzuelan


  •  
Martxoa erditik dabiltza Izaskun Murgia elkarteko lirikokoak La Gran Via lana entseatzen. Azaro bukaeran estreinatuko dute, beti bezala Amaia antzokian. Tere Gonzalez izango da zarzuelako zuzendari orokorra. Haren berbetan, orain arte egindako zarzuelekin alderatuta ezberdina da oraingoa. "Ez du hari jakin bat jarraitzen", dio Gonzalezek. XX. mende hasieran Madrilen gertatutakoak jasotzen ditu zarzuelak. Zarzuelako emanaldiak izango dira azaroaren 20an, 21ean eta 27an, 19:30ean; eta, azaroaren 26an, egubakoitza danez 20:00etan izango da hitzordua.
Istorioa Madrileko Gran Via kalea eraiki zuten garaian kokatzen da, XX. mende hasieran. "Herritarren komentarioak dira, Gran Via egiteak herritarrengan izan zuen eragina kontatzen dutena", dio Gonzalezek. "Garai hartako politika kontuak satirizatzen dira, eta baita madrildarrak eurak ere", gaineratu du zuzendariak.

334 eraikin bota zituzten

Gran Via kalea eraikitzeko 334 eraikin bota behar izan zituzten, eta hainbat kale eta eliza desagertu ziren. Hori dela-eta, garai hartan Madrilen bizitakoak kontatuko dute zarzuelan. Protagonistak asko izango dira eta denak elkartuko dira Eliseo lokalean garai hartan hain ezagunak ziren chotisak kantatzen.

Protagonistak

Zarzuelan 100 lagunetik gora parte hartuko dute. Protagonistak izango dira: ibiltaria, Mikel Izurrategi; zalduna, Igor Ganboa; Menegilda, Susana Vazquez; Doña Virtudes, Guren Ana Gonzalez; segurtasuna, J.J. Heriz; Jokoa, Arkaitz Garrido; Chotis, Ruth Osinaga; Las ratas –lapurrak–, Enrique Altuna, Adrian Sales eta Iñaki Olaizola.

Teatro Felipen estreinatu zen

La Gran Via zarzuela 1886an estreinatu zen Madrileko Teatro Felipen. Testua Felipe Perez y Gonzalezena da; eta, musika, ostera, Federico Chueca eta Joaquin Valverderena.
Musika bizia eta ezaguna dela adierazi du Gonzalez zuzendariak. "Abeslarientzat obra zaila da; batez ere emakumeendako, zortzi abesti dituzte-eta", dio Gonzalezek. Luisa Fernanda zarzuelan erabilitako arropa aprobetxatuko dute XX. mende hasiera irudikatzeko. Izaskun Murgia elkarteko lagunez gain, Arrasate Musikal orkestrako lagunak ere izango dira agertokian.

No hay comentarios: